2013

Galileako Lurgaineko Rallysprinta
2013/05/11 Rallyak.eus

Jorge Del Cid eta Nerea Odriozola bikotea izan zen garailea Galileako lurgaineko Rallysprintan. Errioxako Autona txapelketako lehenengo proba zen hau eta giro pare gabeaz hasi zen beste urtebetez.

Hasieratik bukaera arte gailendu zen Jorge Del Cid eta Nerea Odriozolak osatutako taldea, hasierako bi tramoetan azkarrenak izatea lortu zuten eta abantaila nahikoa atera zioten bigarrenari, 3. manga lasaitasun gehiagoz hartzeko adina. 3. tramo honetan Carlos Aldecoa - Ainhoa Sarasua taldea izan zen azkarrena, eta markatutako denbora bikain honen ondorioz sailkapen nagusiko 2. postua eskuratu zuten. Agustin Alvaro - Adrian Gomez Soriarrak atzean uztea lortu zuten eta hauek 3. postuarekin konformatu behar izan zuten. Azkenengo hauek 2 errueda trakziodun kotxeen artean lehenengoak izan ziren.

Oñatiarrei dagokionez, bi talde izan genituen proba honetako irteera puntuan. David Ardions eta Erik Fuente osatutako taldea gogotsu irten ziren lasterketara. 2. manga hasteko gertu zeudela matsura mekaniko batek, irteeran atzeratzea eragin zien eta 40 segunduko penalizazio bat jaso zuten honen ondorioz. Sailkapen nagusian atzeratu egin zituen penalizazio honek, hala ere 15. postuan bukatzea lortu zuten.

Beste aldetik Unai Arregi eta Josu Botello izan ziren gure beste ordezkariak. Ez zuten zorte askorik izan oraingo honetan eta hirugarren mangan ibilbidetik irten eta erretiratu beharra izan zuten.
 



Andosillako Lurgaineko Rallysprinta
2013/04/28 Rallyak.eus

Jorge Del Cid eta Nerea Odriozola bikotea izan zen azkarrena Andosillako lurgaineko Rallysprintan. Lurgaineko openaren bigarren proba puntuagarria izan zen, Nafarroako eta Euskadiko txapelketarako ere, puntuagarria zelarik.

Rallysprintaren lehen tramoan, Javier Izagirre - Eneko Gomez-ek lortu zuten denbora onena, eta beraien atzetik Jorge Del Cid - Nerea Odriozola sailkatu ziren 2 segundura. Bigarren txanpan ordea Del Cid-ek lortu zuen azkarrena izatea eta 14 segundu sartu zizkion Izagirreri, honela lidertzan kokatu zen Del Cid. Hirugarrenak Gorka Eizmendi - Haritz Olasagasti ziren Subaruakin, berain lehen proba zen lurgainean eta berehala moldatu ziren zoru aldaketara.

Ibilbideari azkenengo buelta egin ostean, ez ziren ezustekorik egon eta sailkapeneko goialdeko postuak ez zuten aldatu. Honela Jorge Del Cid - Nerea Odriozola izan ziren garaileak, bigarren Javier Izagirre - Eneko Gomez sailkatu ziren eta podiuma osatuz Gorka Eizmendi - Haritz Olasagasti sailkatu ziren.

Oñatiarrei dagokionez, bi talde izan genituen proba honetan.Alde batetik Unai Arregi eta Josu Botellok osatutako taldea, aurtengo lehen proba zuten Andosillakoa eta lehenengo txanpan arazo mekaniko bat izan ostean, konpontzea lortu zuten eta sailkapen orokorrean 25. sailkatu ziren.

Beste aldetik Mikel Altuna eta Erik Fuentek ez zuten zorte askorik izan oraingo honetan eta bigarren mangan ibilbidetik irten eta erretiratu beharra izan zuten.

Hauetaz gain, azkeneko momentuan beste oñatiar bat izan genuen irteera puntuan kopiloto lanetan. Iosu Agirre, Iñigo Larrañaga azpeitiarrarekin irten zen, eta 15. sailkatu ziren, eta bere multzoko kotxeen artean, 1 klasean azkarrenak izan ziren.
 


Ñañarriko Rallysprinta
2013/04/20 Rallyak.eus



Eguraldi bikainaz eta ikusle kopuru handiarekin hasi zen Ñañarriko Rallysprinta larunbatean, Alegia eta Amezketa lotzen dituen errepideak osatu zuen ibilbidea. Aingeru eta Angel Castro izan ziren garaileak bertan BMW M3 kotxearekin

Hala ere, egunean zehar azkarrenak Iñigo Olabegogeaskoetxea eta Iñaki Narbaizak osatutako taldea izan zen ibilbidea 3 alditan osatu eta gero.Baina azkenengo mangan helmuga pasatu ondoren, bere BMW M3an izandako arazo mekaniko baten ondorioz, ezin izan zuen parke itxira ailegatu eta erretiratu beharra izan zuen.

Honen ondorioz,  Aingeru eta Angel Castro pasa ziren sailkapeneko lehenengo postura garaipena lortuz. Olabegogeaskoetxearekin lehia oso estua izan zuten eta 2 segunduko aldearekin bukatu zuten rallysprinta. Bigarren postuan Jon Davoz eta Vicky Gorriz saikatu ziren Mitsubishi Evo IX kotxearekin eta podiuma osatuz hirugarrenak, Mattin Villares eta Andoni Blas osatutako taldea Renault Clio Sport baten gainean.

3 talde oñatiar izan genituen Ñañarriko rallysprintaren irteera puntuan.  Josu Lertxundi eta Xabi Altube, Aitor Arnaiz eta Joanes Uria, eta Jon Ander Lasagabaster eta Monika Muñoz.

Lehenengoak, denboraldi bat lehiatu gabe egon ostean, bueltan dira berriz ere lasterketetan, Rallysprintera kotxeari eskua hartzeko asmoarekin irten ziren eta sailkapeneko 19. Postuan bukatu zuten eta bere klasekoen artean  5. Izan ziren bere BMW M3 autoaz.
Aitor Arnaizek urteko lehenengo proba zuen Ñañarrikoa eta aurrekoen asmo berdinarekin irten zen,  sailkapeneko 34. sailkatu zen eta bere klaseko autoen artean 7. azkarrena izan zen.

Eta azkenengoz Jon Ander Lasagabaster eta Monika Muñozek, ez zuten zorte askorik izan eta bigarren tramoa bukatu ondoren erretiratu beharra izan zuten matxura mekaniko baten ondorioz.
 



Zeberioko Lurgaineko Rallysprinta
2013/04/07 Rallyak.eus



Zeberion izan da, aurtengo lurgaineko open berriaren abiapuntua. Euskadiko, Nafarroako, Errioxako eta Kantabriako automobilismo federakuntzek antolatutako txapelketak, 8 lasterketa izango ditu urtean zehar 4 probintzietan banaturik.

Igandean Zeberion izan zen estreinekoa eta bertan, Aritz Iriondo eta Aitor Zubiaurren izan ziren irabazleak. Ibilbidea orain dela 2 urte egin zen berdina izan zen, baina oraingo honetan zorua bustita eta lokaztua aurkitu zuten partaideek. Hala ere, kondizio onetan zegoen proba normaltasunez jokatzeko, antolatzaileek bertan lan ikaragarria egin ostean mantenu lanetan.

Lasterketa, hasieratik Javier Izagirrek dominatu zuen bere Mitsubishi autoaz, 4 txandetan denborarik azkarrenak lortuz. Baina kontrol-ordutegi batean aurreratzeagatik jaso zuen penalizazioaren ondorioz, postu asko galdu zituen sailkapenean eta honek Aritz Iriondori eman zion garaipena. Bere atzetik Iñaki Tijera sailkatu zen eta honen atzetik podiuma osatuz 3. postuan Xabier Jareño.


Oñatiarrei dagokionez, bi talde izan genituen lehian. Biek lan oso txukuna egin zuten, izan ere, lastekerta aurreko egunetan lan ikaragarria egin izan behar zuten kotxeak gertu izateko. Alde batetik Mikel Altuna eta Erik Fuente osatutako taldea, 2. klaseko Opel Corsarekin, sailkapen orokorrean 5. postuan bukatu zuten, bere klasekoen artean 5. izanda ere.

Eta beste aldetik, David Ardions eta Iosu Agirre,1.klaseko Peugeot 205 autoarekin, sailkapen orokorrean 8. bukatzea lortu zuten, eta bere klaseko kotxeen artean 2. azkarrenak izan ziren.

 

 

Hondarribiako Rallysprinta
2013/03/16 Rallyak.eus



Hondarribian jokatu zen rallysprint txapelketako bigarren hitzordua. Bertan Gorka Eizmendi eta Haritz Olasagastik osatutako taldea izan zen garaile.

Nahiz eta eguna nahiko argitsua izan eguerdi partean, lasterketa aurrera joan ahala lainotu egin zen eta euri tanta batzuk bota zituen, ibilbideko tarte batzuk nahiko labaingarriak utziz.

Lehenengo erlojupekoan  denbora onena Gorka Eizmendik eta  Iban Tarsiciok lortu zuten, lehen postuan berdinduz, denbora berdina egin baitzuten bi pilotuak. Bi hauen atzetik, Mattin Villares kokatu zen segundu bakar batera.

Bigarren tramuan David Ardionsek izandako istripuaren ondorioz, errepidea blokeatuta gelditu zen eta atzetik zetozen partaideak neutralizatuta bukatu behar izan zuten ibilbidea. Hauen artean lehenengo postuan berdinduta zeuden bi pilotuak zirelarik. Kasu honetan Aingeru Castrok lortu zuen denbora onena.

Honela azkeneko erlojupekora berdinduta ailegatu ziren Eizmendi eta Tarsicio, eta bertan Eizmendik lortu zuen azkarrena izatea, Tarsiciori 5 segunduko aldea ateraz sailkapen nagusian. Podiuma osatuz 3. postuan Ander Arana sailkatu zen.



Oñatiarrei dagokionez, parte hartu zuten bi taldeek ez zuten suerte askorik izan. David Ardions eta Iosu Agirre, lehenengo erlojupekoan 4.postuan sailkatu eta gero, bigarren txanpan istripua izan zuten eta erretiratu beharra izan zuten.

Eta gure beste ordezkariak ere zoritxarrez zorte berdina izan zuten. Ion Ander Lasagabaster eta Monika Muñozek ordea, lehenengo tramuan izan zuten kolpe txiki bat eta bertan bukatu zuten lasterketa.  

 



Gabiriako Rallysprinta
2013/03/03 Rallyak.eus



Pasa den igandean hasi zen Euskadiko automobilismo denboraldia Gabiriako Rallysprintarekin, urtero ohikoa izaten den moduan. Giro paregabearekin hasi ere, eguraldi bikaina egin zuen  eta ikusle ugari bildu ziren probaren ibilbidean.
Lasterketa politaz gozatzeko aukera izan genuen zaletuok bertan, sailkapeneko lehen postuetan  lehia bizia izan baitzen.

Proba osoan zehar beraien arteko segundu diferentziak oso txikiak izan ziren eta azkeneko tramu-arte garaipena ez zen erabaki .

David Ardions eta Josu Agirre oñatiarrek osatzen duten taldea izan zen Gabiriako Rallysprintaren irabazlea azkenik. Lehenengo tramuan denbora onena lortu eta sailkapenaren buruan jarri ziren hasieratik,  bere atzetik Jon Davoz eta Iban Tarsicio gertutik jarraitzen zituztelarik.

2. bueltan, gehiago estutu zen sailkapena. Oñatiarrek helmugara heltzeko metro gutxiren faltan, arazo mekaniko bat izan zuten eta segundu bakar batzuk galdu zituzten. Joxe Labaka azpeitiarra izan zen azkarrena oraingoan eta rallysprintaren azkeneko txanpa falta zela, sailkapeneko lehenengo 4 taldeak, 1,8 segunduko aldeaz zeuden bananduta bakarrik.

Beraz, azkeneko txanpa honetan zegoen dena jokoan, garaipena eta podiumeko postuak. Azkeneko honetan David Ardionsek haginak estutu zituen eta azkarrena izatea lortu zuen berriz ere, oraingo honetan bere denbora onena 6 segundutan hobetuz. Joxe Labaka izan zen bigarren eta sailkapen nagusian ere bigarren postura egin zuen salto. Podiuma osatuz, 3. postuan Iban Tarsicio sailkatu zen.

Lasterketa azkarra izan zen, ez zen egon aparteko arazorik ez istripurik eta sekula baina goizago bukatu zen dena.


Oñatiarrei dagokionez,  beste talde bat izan genuen Gabirian, Ion Ander Lasagabaster eta Monika Muñozek osatutakoa. Lehenengo aldia zen Gabiriako lasterketa honetan parte hartzen zutela eta lan txukuna egin zuten, 20. izan ziren sailkapen nagusian eta 4. bere mailako autoen artean.

Aitor Arnaiz oñatiarra ere bertan izan zen, oraingo honetan kopiloto lanetan. Egoitz Koroso pilotuarekin batera irten zen eta 19. izan ziren sailkapen nagusian, 1. N autoen artean eta 4. bere mailako autoen artean.  

 
©Rallyak.eus
info@rallyak.eus
Diseinua: Sergio Gil

Web gune honetan argitaratzen den informazio eta irudi guztien jabetza rallyak.eus-ena da.
Beraz beste edozein web gune edo komunikabidetan ezingo dira erabili, aldez aurre baimenik eskatu gabe.